JOXE URBIETA ‘TAKOLO’

azpeitiarrei mendiko bideak irekitzen

JOXE URBIETA TAKOLO

Azpeitiarren mendiko bideak irekitzen

Azpeitian (Gipuzkoa) sortu zen Joxe Urbieta Takolo, ezizena eman zion Takolo baserrian, 1941eko azaroaren 3an. Txikitatik zituen mendizalea izateko baldintza aproposak hark; gainera, Xoxote mendiaren magalean jaio zen eta aitona Juan Joxek mendia oso gustukoa zuen. Hala izan zen: mendizale sutsua txikitatik 58 urterekin hil zen arte.

Mendian, modu indartsuan, 1957. urtean hasi zen Urbieta. Ordurako, Lagun Onak Mendi Bazkuna sortuta zegoen, eta mendi irteera antolatuak egiten hasiak ziren. Horietan ezagutu zuen Migel Iturbide, eta hark irakatsi zizkion bideak, baita mendian nola ibili behar zen ere. Adin nagusitasuna iristerako, mendiko sena sartu-sartua zuen Takolok, eta lehendabiziko eskalada saioak ere egiten hasi zen; Izarraitzen, Aitz bakar-en.

60ko hamarkadan salto kualitatiboa egin zuen azpeitiarrak, eta Pirinioak eta Alpeak ezagutu zituen. Horrez gain, azpeitiarrentzat bi mendikateetako bidea ireki zuen: 1960 urtean, Auñamendira (2.504 metro) joan zen; 64an, Perdido (3.355 metro) igo zuen; 65ean, Aneto (3.404 metro); eta 67an, berriz, Mont Blanc (4.807 metro) eta Corvino (4.478 metro).

Bide beretik, mendiz mendi jarraitu zuen 70ko hamarkadan: 75ean, Pique Longe (3.298 metro), Taillon (3.144 metro) edota Posets (3.369 metro) igo zituen; eta 76an, aldiz, Andeetako Salcantay (6.271 metro) mendia igotzeko saiakera egin zuen. Tontorrerako 200 metroren faltan gelditu zen, eta tontorra zapaldu ez arren, izen bat eman zion espedizio hark Takolori.

1974an euskal mendizale asko munduko mendirik handienera joan ziren –Everestera (8.849 metro), eta Takoloren izena entzun zen arren, ez zioten deitu azkenean. Haren aukera, ordea, 1980an iritsi zen. Izan ere, 1974ko espedizio haren ondoren, Takolok garbi zeukan hurrengoan berak joan egin behar zuela. Edozein aukera baliatzeko prest zegoen, baita lotsa pasatu behar bazuen ere. Hala, behin, Lorente eta Rosen gonbidatu zituen Lagun Onak Mendi Bazkuna egoitza ireki berrira afaltzera. Han ezagutu zituen Everesterako bidean funtsezkoak izango ziren bi mendizaleak. 1978an, Rosenek etxera deitu zion Takolori: “Joxe, Everesteko taldean zaude”.

1980ko otsailaren 12an irten ziren Katmandura. Leku harekin harrituta gelditu zen azpeitiarra: polita izatea espero zuen, baina ez pobrea eta utzitako lekua izatea. Berehala hunkitu zuen bertako jendeak. Espedizioan, beti bezala, lan ikaragarria egin zuen: “Taldekiderik onena zen”, esaten dute orduko espediziokideek. Takolo hirugarren kanpamendura iritsi zen orduko hartan, 7.360 metrora, baina Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak maiatzaren 14an zapaldu zuten Everesteko tontorra. Dena den, guztiena izan zen arrakasta.

Takolok hurrengo urteetan egin zituen espedizio handiak: Acongagua (6.959 metro), Huascarena (6.768 metro), Annapurna (7.937 metro), Yalung Kang (8.505 metro) edota Cho Oyu (8.201 metro). Azken zortzimilakoa 95ean egin zuen, Shisha Pangma (8.008 metro). Egin zuen azken mendi irteera, berriz, lehendabizi egin zuen bera izan zen; Auñamendira joan zen, hil baino hiru egun lehenago, 2000ko abuztuan.

Lana, familia, laguntasuna, eskuzabaltasuna, leialtasuna eta mendia. Horiek ziren Takoloren balioak, eta horiek dira Joxe Takolo bekarekin zabaldu nahi ditugun balioak.

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.